Historia

Izturitze Baxenabarreko Arberoa eskualdean kokatua da. Hazparne eta Bastida hamar bat
kilometrora ditu, eta Baiona hogeita hamar batera.

Herriaren historia hasi zen duela 82 000 urte, lehen gizakiak Gaztelu mendixkako harpeetan
plantatu zirelarik. Harpeak Izturitzeren eta Donamartiriren artean kokatuak dira, eta hiru
mailatan dira; gainetik beheiti: Izturitze, Otsozelaia eta Erberua. Atzeman diren aztarnek
erakusten dute jendeak hortik iragan zirela eta harpeak okupatu zituztela historiaurreko aro
gehienetan, baita ere garai galoerromanoetan eta Erdi Aroan.
XIII. mendeaz geroztik Izturitze izeneko herria ageri da Nafarroako Erresumaren erroldetan.
Zenbait eraikin jadanik aipatuak ziren, hala nola Santa Eulalia kapera, Rocafort jauregia, baita
ere etxalde zenbait.
Herriaren puntu gorena Abarratia da: 345 m. Kobre Aroko edo Burdin Aroko fortifikazioak
badira Abarratian, Euskal Herriko beste muino batzuetan bezala. Abarratia mendixkako
gotorlekua hiru mailatan da, eta maila horiek izigarri ongi kontserbatuak dira. Ez zen nehor
bizi gotorlekuan, defentsa militar funtzioa zuen.

Izturitzeko eta Otsozelaiko harpeak Euskal Herriko gune historiko nagusiak dira.

Herriko bestak urriko lehen asteburuan iragaten dira.

Besta komiteak ditu antolatzen, eta otsailean sagarnotegi apairua ere proposatzen du.

Beste animazio batzuk ere proposatzen dituzte kultura eta kirol elkarte batzuek.

Erberua elkarteak pala txapelketa bat antolatzen du azken 35 urte hauetan, azarotik martxora. 70 talde heldu da Ipar Euskal Herri guzitik herriko trinketean aritzera.  Urri bukaeran, elkarteak ibilaldi bat proposatzen du oinez eta mendiko bizikletaz; kirolari franko heldu da ibilbidea teknikoa baita, eta ibiltari franko ere, bazter ederrak baitira.

Artetxea elkarteak animazio anitz proposatzen ditu euskaraz: antzerkia, kantaldiak, bertso saioak, mus txapelketa, hitzaldiak… Baita ere kantua, euskara kurtsoak eta Yoseikan budo eta yoga.

Abarratia elkarteak Donoztiri, Aiherra eta Izturitzeko herriak biltzen ditu, eta pilota joko mota desberdinen trebatzeak eta txapelketak antolatzen ditu.

Goratik elkarteak ihiziaren tradizioa segitzen du itxura anitzeko lurraldean (oihanak, larreak, iratzelekuak, pentzeak), eta mota anitzeko animaliekin.

Arberoa Ikastolak Donamartirin euskarazko irakaskuntza proposatzen du murgiltze sisteman, onginahian oinarritua den pedagogiaren bidez.  Izturitzeko hogei haur ibiltzen dira ikastolan. Elkarteak 3 gertakari antolatzen ditu urtero Izturitzen: ikastolako besta, Xilaba bertso txapelketako finaleko apairua, eta Eguberriko merkatua.

BIGABAT eskolako burasoen elkarteak mus lehiaketa antolatzen du eta oinezko ibilaldi bat.

2017an 518 izturiztar baziren, hots, 2007an baino 111 gehiago.

Herriko haurrak Bigabat Herriarteko Eskola Elkargoan dira, Aiherrako haurrekin batean. Izturitzen ama-eskolako haurrak hartzen dira, 40 ikasle badira, eta irakaskuntza elebiduna egiten da hizkuntza parekotasunean. 

Asteazkenetan eta eskolako oporraldietan, haurrek jarduerak egin ditzakete Arberoan Alaiki aisialdi zentroan. Herriko eta inguruetako ehun bat haur bildu zen zentroan 2019an.

Herriko bizitza ekonomikoa laborantzan oinarritzen da nagusiki. Harrobi baten ustiapena ere egiten da, eta Lauak enpresa ere hurbil da, Aiherra eta Hazparne artean. 

Pausa Lekua zahar etxea herrian plantatua da: 77 egoiliar hartzen ditu, horietarik 11 Alzheimer sailean.