
2019 urtean, besta batzordeak bi egitasmo antolatu eta bideratu zituen.
Lehena izan zen sagarno gaualdia, otsailaren 9an. Etorri ziren jendeek apairu goxoa dastatzeko aukera izan zuten: txorizoa sagarnoan, bakailao-tortilla, txuleta, onddozuriak, nahi bezainbat edan zitekeen sagarnoa ahantzi gabe. Gauerditik goiti, Podium Galaxiiek zuen gaualdiaren bigarren zatia alaitu gaueko laurak arte. Jende anitz hurbildu zen taldearen musiken doinura dantzan aritzeko. Gaualdi biziki goxoa, 2020an hirugarren aldikotz iragan zena.
2019ko bigarren egitasmo nagusia herriko bestak ziren.
Ostiral gauean, John Makek aurkeztutako hipnosi-ikuskizun bat proposatu genuen. Berrogeita hamar bat lagun hurbildu ziren (horietarik batzuek parte hartu zuten hipnotizatuak izanez) eta taloak, ogitartekoak eta edariak dastatu ahal izan zituzten.
Larunbatean, haurrak (eta guraso batzuk) jostatzera eta krakada hartzera etorri ziren karparen pean, “A Vous 2 Jouer” jokoen artean. Babygym, gaztelu puzgarria, pilota-igerilekua, aire hockeya, traktorea, palak, swing roller… Hor zeuden zaletasun guziak asetzekoak! Bitartean, gure sukaldariak azpikiak erretzeari lotzen ari ziren karraskan. 200 lagun bildu ziren mahaien inguruan Suhiltzaileen Kantuak alaitutako zikiro kari eta haiei esker kantatu zenuten bai eta dantzatu ere! Ondotik, dantzaldia alaitu zuten Katxi taldeko gazteek gaueko laurak arte.
Egun kargatua genuen igandea: meza, zintzur bustitzea eta Antton Larrandaburu eta Altzukutarrak taldeak alaitutako kantaldia. Azken horiek kasik bi oreneko ikuskizuna eman zuten eta ehun bat lagun bildu zituzten. Ondotik, aurten lehen aldikotz, autozerbitzu moduan prestatu genituen pastak Carbonara eran eta hurbildu ziren hogeita hamar bat lagunei gustatu zitzaizkien. Igande besta zoragarria Izturitzen!
Ehun bat herritar etorri ziren ondoko igandean Bixente Chapeletek eta guk prestatu genuen bazkariaz elkarrekin gozatzeko, Aistrika taldeak alaiturik.
Bulegoari dagokionez, Maritxu HARAMBOURE izendatua izan da lehendakari eta Matthias SANSBERRO lehendakariorde. Bixente CARCELLER diruzain bilakatzen da eta Angelo CARCELLER idazkari egoten da.
Zikiroan parte hartzea apalagoa izanik ere, batzordea animazio horiek antolatzeaz harro dago. Bihotzez eskertzen ditugu boluntario guziak eta gure animazio desberdinetara aldiro etortzen diren herritar guziak.
